Jean-Claude IRIART zerrendaburuaren biografia

Jatorriz Barnealdekoak, nire burasoak Baionako Lahubiague auzoan bizi ziren sortu nintzelarik, orain dela kasik 58 urte. Hiriburun handitu nintzen eta nire ikasketak Camus kolegioan eta Cassin lizeoan segitu nituen, Bordalera joan aitzin, Zientzia ekonomikoak ikastera.

Ekonomia irakaslea eta ondotik lizeoko zuzendari gisa, formakuntza alorrean iragan nituen nire bizi profesionaleko lehengo 15 urteak.

Denboraldi hartan Euskal Herrian enpleguen sortzeko dinamikan inplikatzeko parada izan nuen, Hemen elkarteko presidentzia hartuz. Jendarte zibileko ordezkari bezala, Euskal Herria 2010 abenturan parte hartzeko aukera izan nuen, Garapen Kontseilua integratuz eta honen presidentea izanik 3 urtez.

2001etik goiti, nire burua profesionalki ber orientatu nuen tokiko jarduera publikoan misio desberdin batzuk burutuz : Euskal Herriko Hautetsien Kontseiluko zuzendaria, Euskararen Erakunde Publikoko zuzendaria eta ondotik Departamenduko Kontseiluko zerbitzu buru laguntzailea.

2014an, politika alorrean inplikatzeko hautua egin nuen eta herri hauteskundeetan engaiatu nintzen “Baiona 2014” zerrenda buru gisa. Geroztik, herriko kontseilaria izanik, herri bizitzako gaiak hurbiletik segitzeaz gain, Baionako delegatua izan nintzen Euskal Kulturaren aldeko herrien arteko sindikan eta honen presidente kargua izan nuen egitura desegin arte 2017an. Euskal Elkargoko kontseiluko kidea naiz eta Kontseilu iraunkorrean parte hartzeko hautatua izan nintzen bai eta Euskararen Erakunde Publikoan Elkargoko orezkari izateko izendatua ere. Mugikortasun eta antolamenduko gaiak ditut bereziki segitu, dagozkien batzordeetan parte hartuz. Euskal Elkargoa eta Garapen Kontseiluaren arteko elkarlana bideratzen duen batzordean parte hartzen dut bai eta gizon-emazteen arteko berdintasuna lan taldean ere.

Azken epealdi honetan, lanean segitu dut Departamenduko Kontseiluan proiektuak lagundu eta politika publikoak ebaluatzen dituen zerbiztu bateko misio kargudun gisa.

Nire emazte eta haurrekin Santizpirita auzoan bizi izan ginen hamar bat urtez Mouserolles auzora mugitu aitzin duela hogei bat urtez. Elkarte bizitzan engaiaturik, 15 urtez herriko kirol batasun bateko diruzain funtzioak bete ditut.

Nire esperientziari esker, Baionako auzapez kargua hartzeko prest sentitzen naiz, Baionesek gure ekipari konfiantzia egiten badiote heldu diren martxoaren 15 eta 22an. Nire denbora osoa horretan emaitera engaiatzen naiz, bestelako mandatu edo ardura exekutiborik bilatu gabe.