Bigarren itzulia

Lehenik nahi genituzke gure eskerrik bizi, zintzo eta sakonenak, hauteskunde kanpainan engaiatu diren  gure bazkide guziei helarazi, Euskal Herrian eta Baionan, ekologia eta justizia sozialaren aldeko biltzar herritarra biziarazi dutelako.

Kanpaina horretan inplikatu gara, sentsibilitate anitzez osaturiko gure biltzarrak alternatiba sinesgarri bat eraikiko duen esperantzarekin.

Jadanik 2014an , « Baiona 2014 » deitutako zerrenda herritarrak, sail ezberdinetan engaiatuak ziren abertzaleak eta beste sentsibilitate batzuetako jendeak elkartu zituen. Bigarren itzulian, « L’humain d’abord » eta « Baiona 2014 » zerrendek akordio bat burutu zuten eta akordio horretan oinarriturik, 6 urtez Herriko Kontseiluan orientabide amankomun batzuen inguruan elkarlana eta indar metaketa eraikitzen joan gara. 2019ko udaberrian, 2020ko hauteskundeak hurbiltzen ari zirelarik, hiru mugimendu politikoren sustenguarekin ( EELV, EH Bai eta Ensemble-Insoumis) eta alderdietan afiliatuak ez ziren hainbat jende elkartuz, gure dinamika egituratu genuen. Denbora berean « Bihar Baiona » taldeak baztertu zuen gure proiektu politikoen hurbiltasuna ikusirik luzatu genion lehen itzulitik elgarrekin abiatzeko  proposamena.

Gure kideen engaiamenduaren oinarria izan den xarta komun batek Baiona eta Euskal Hirigune Elkargorako gure programaren apailatzea gidatu zuen, urgentzia sozial eta ekologikoak bereizezinezko bi lehentasuntzat hartuz eta Baionako hiria aniztasun kultural, euskararen sustapen eta ipar Euskal Herriko lurraldearen erakundetzearen bultzatzaile bihurtuz. Elkartearen baitako demokraziak egituratu du gure barne funtzionamendua, agerian utziz gainera ardurak izanez gero, zein modutan eramango genituen dinamika partehartzaileak eta biztanleekin eraikitako proiektuak.

Egun hartan bozkatu zuten hautesleen %13,12k norabide horiek lehenetsi zituzten, Baiona eta Euskal Herriarentzat. Emaitza hori nahikoa zen politika publikoak bideratzeko egin genituen proposamenak bazterrezinak zirela erakusteko baina ez aski, gaur egungo gehiengoa aldizkatzearen eraikitzean bultzatzaile nagusia izateko.

Indar harreman horretan oinarriturik, gure biltzar nagusiak, beste ezkerreko bi zerrendekin elkarrizketak hasteko mandatua eman zion bere koordinazioari, martxoaren 15ean. Konfinamenduaren uste gabeko garai luzea biziki kaltegarria izan zen gure egituraren ibilera onarentzat, ibilmolde kolektiboari lehentasuna ematen baitio. Alabaina, beste bi taldeekiko elkarrizketak, martxoaren 16an gelditu ziren, benetan hasi aitzin, eta Baiona Berde eta Elkarkideko biltzar nagusi erabakitzailea baino aste bat aitzin baizik ez dira iragan. Elkarrizketen eta beraien aitzinamenduen sintesia, gardentasun osoan BBEko kideei jakinarazi zitzaien maiatzaren 29ko biltzar nagusian, zeinetan iritzi ezberdinak adierazteko aukera izan zuten. Biharamunean, BBEko kideek hiru zerrenden arteko akordioaren aurka bozkatu zuten, bi bozengatik. Emaitza hain hertsia izateak bigarren itzuliari buruzko gure baitako ezadostasun handia agerian ezartzen du, BVOri begira bereziki, Bihar Baionarekilako aliantza askoz kontsensualago zelarik. Barneko tirabira horiek esplikatzen dute segur aski, akordio bat ezinezkoa izanez gero, gure kideen gehiengoak BBEko zerrenda atxiki ordez kentzea lehenestea (guttirengatik) ; erabaki horren ondorioak diren bezala izanik ere. Bere kideen bozka errespetatzeko, BBE 2020ko herriko eta elkargoko hauteskundeetatik ateratzen da.

Ekainaren 28an, hautesleek beren hautua eginen dute, erronka sozialak eta ekologikoak erabakigarriak izango diren agintaldi berriari hasiera emanez. Guri dagokigunez, ez gara egonen herriko etxeko kontseiluan ez eta Elkargokoan ere. Gure desmartxa komunaren etorkizunari buruzko erabaki bat hartu bitartean, gure arteko gehienek beraien eguneroko engaiamenduak segituko dituzte, molde eta eremu anitzetan, elkartzen gaituen segurtasun batek akuilatuak: berdintasuna, justizia soziala eta ekologia bermatuko duen alternatiba , Euskal Herriaren berezitasunei erantzunen diena eta lurraldea eta biztanleak ahalduntzen dituena. Alternatiba hori Baionak eta Euskal Herriak behar dituzten baitezpadako aldaketa sakonen ezinbesteko ardatza gelditzen da.