Osasun testuinguruak bigarren itzulirako egutegia aldatu du

Lehenik oroitarazi nahi dugu herri hauteskundeen lehen itzulia martxoaren 15ean mantentzea ez zela, ikuspuntu demokratikotik, izurritearen testuinguruak inposatzen zituen osasun neurriekin bateragarria.

Hauteslegoaren %61a baino gehiagok ez du arrisku handiko bozketa honetan parte hartu. Holako abstentzio maila batek, dudarik gabe, bozketaren emaitzen legitimitatea ahultzen du Baionan, antzeko joera jasan duten herri guztietan bezalaxe.

Baionako 12 172 hautesleen artean 1597-k Baiona Berde eta Elkarkide zerrendaren alde bozkatzea deliberatu dute. Gure esker beroenak adierazi nahi dizkiegu.

Lehen itzuliaren mantentzeak bortxaturik, Baiona Berde eta Elkarkide elkarteko Biltzar Nagusia bildu behar izan genuen martxoaren 15eko gauean bertan, emaitzen azterketa egiteko eta bigarren itzuliari begirako jarrera definitzeko. Momentu hartan oraino martxoaren 22an zen finkatua bigarren itzuli hori.

Gau hartan elkarteko kideek mandatua eman diote kanpainako koordinazio taldeari, ezkerreko beste bi zerrendekin elkarrizketak burutzeko. Biltzar Nagusiko mandatuak zehazten ditu, onargarria izan dadin, akordio proiektu batek bildu beharko dituen programaren puntuak eta gobernantzako moldeak. Bozka sekretu baten bitartez gehiengo zabal batek hartu du erabaki hori.

Biharamunean berean, martxoaren 16an hots, lehen ikusmolde trukadak gertatu ziren Baiona Bihar eta Bayonne Ville Ouverte bi zerrendekin. Hartu beharreko osasun neurriengatik, trukaden iraupena eta bizitasuna mugatua izan zen egun hartan.

Haatik, lan bilkura luzea izan genuen Bihar Baiona-rekin, programaren elementu eta gobernantza moldeei buruzko konbergentzia handia erakutsi dutena.

Halaber, trukada tartea izan genuen zerrenden 3 ordezkarien artean baina ez zen posible izan Biltzar nagusiak koordinazio taldeari emandako mandatuan ziren puntu gehienetaz egiazko eztabaida burutzea.

Garatu ahal izan genituen puntuekin lotua, gure ordezkariek,  3 zerrendek lehen itzulian lortu emaitzak bigarren itzulirako bateratze zerrenda baten osaketan kontutan hartzea ezinbestekoa zela oroitarazi zuten. Hautesleen hautuaren errespetua beste edozein arrazoibideri nagusitu behar baitzaio.

Bestalde, programaren alde guztiei buruz eztabaida burutzea baitezpadakoa izango da, hori gabe akordio baten eraikitzea ezinezkoa izango litzatekeelako. Horregatik, negoziazioak martxoaren 16an, arratsean, gelditu zirela kontsideratzen dugu, bigarren itzulia gibelatua iragarri zenean ; egiazki eta puntu nagusiei buruz negoziazioak hasi gabe.

Geroztik, konfinamenduagatik, ez da beste zerrenden ordezkariekin lan bilkurarik ez eta elkarrizketa kolektiborik izan.

Ezingo dira eztabaida horiek molde egokian berriz hasi beste ezkerreko bi zerrenden ordezkariekin bilkurak berriz antolatu gabe.

Pandemiak sortu testuinguruaren araberan izango da ; haatik, aukera izan daiteke, bigarren itzulia ekainaren bigarren aldira gibelatua izan baita. Kasu horretan, egutegi berriak biltzar nagusi berri baten finkatzea ahalbideko digu, koordinazio taldeak burutu negoziazioen ondotik eta behin betiko erabakia hartzeko.

Bitartean, ez dugu inolako iniziatibarik hartuko Herriko Etxeak herri mailan daraman osasun krisiaren kudeaketa traba lezakeena. Halaber gure elkartasun osoa adierazi nahi diegu testuinguru zail honetan lurraldeko zerbitzu publikoen funtzionamendua bermatzen dituzten Baionako eta Euskal Elkargoko langile guztiei.