Testuinguru egokia garraioetan esperimentazioak egiteko

Deskonfinamendu garai honetan, munduan zehar botere publikoak garraiorako zerbitzuak berriz martxan ezartzen ari dira. Autobus edo trametako alki kopuruak murriztuak diren arren eta babes neurriak errespetarazteko deiak ardura errepikatuak baldin badira ere, pentsa daiteke jende anitzek beldur zerbait sendituko dutela garraio publikoak berriz hartzeko orduan.

Autoen trafikoa emendatzeko arriskua handia da eta jadanik bete beteak ziren bide sare batzuek egoera oraino txarragoa jasan lezakete. Baiona eta bere hirigunea berdin hunkituak dira. Tokiko kolektibitate ugaritan, garraio mailan autoa ez den beste alternatiba bat eskaintzeko xedez, behin behineko antolamendu batzuk pentsatu eta jarri dituzte.

Bizitzen dugun garai berezi honetan, biztanle anitzek egun guzietako jokamoldeen aldatzeko jarrera ideki bat erakusten dute. Aukera hau baliatu dezagun aterabide berritzaile batzu plantan emateko.


Funtsezkoa da bizikleta bideei buruz emandako aurrerapausoa azkartzea

Berrikitan Baionako Herriak behin behineko eta behin betiko bizikleta bideen antolaketari buruz komunikatu du. Azken horiek interesgarriak dira, aspaldidanik antolamendu eskasa pairatzen zuten zirkulazio ardatz nagusietan kokatuak baitira : BAB-ko etorbidearen abialekua, RD 810 bidea Baionako iparraldetik Angeluko St Jean auzora buruz, Aritxagueko sarbideko zati bat, Mounédé-St Leon ardatza hiri erditik pasatuz eta Matras bidegurutzea eta Grenet zubiaren arteko zatia. Iragarritako lehen urrats hau gogoan hartzen dugu baina premiatsua da hautetsi guziek eta gaia jorratzen duten elkarteek ondoko informazioen berri ukan dezaten : plangintzaturiko antolamenduen xehetasun guztiak, bizikletentzako espazio berri horien gauzatzeko egutegia eta autoentzako atxikiak diren bideentzako hertsadura, benetako erabilpen aldaketa sustatzeko ezinbesteko baldintza dena.

Presentaturiko proiektuez haratago, iduritzen zaigu estrategikoa dela antolamendu definitibo batzuk aurreikustea, Herriko Etxeak landu ez dituen bi sektoretan : RD 810 eta Aturri arteko lotura (Aritxague etorbidetik edota Pontôts komertzio zonaldetik) eta Marracq auzo osoa (Saint Léon bidegurutzetik Maigoneraino) ospitalera eta bertan kokatuak diren hiru kolegio eta lizeoetara joan ahal izateko.

Ahal bezain fite plantan ezarri behar diren behin behineko eta behin betiko antolamenduekin batera, bizikletaren erabilpenak Baionan, 30 abiadura eremua agerian ezartzea eta antolatzea eskatzen du ; alabaina komunikazio eta antolamendu eskasiek trabatzen baitute abiaduraren mugatzea. Eremu horrek bere funtzioa bete dezan - hauteskunde garaiarekin lotutako iragartze efektu batetik at beharrezko antolamenduak egitea baitezpadakoa da (sigi-sagak, bide konkorrak…), autoen abiadura eztitzeko eta erabilpen partekatua ahalbidetzeko bizikletalariekin. Bestalde, 30 abiadura eremuak indarrean jartzearekin batera informazio eta sentsibilizazio kanpainak zabaltzen dira usaian, oraindik Baionako 30 abiadura eremuaren alde egin gabe direnak.

Behin behineko antolamenduek, garraio publikoen erabilpena ere bultza dezakete

Eguneroko bidaietan bizikletaren erabilpena akuilatzeko behin behineko antolamenduen ideia bera, garraio publikoen erabilpena bultzatzeko ere erabiltzen ahal da. Goiz guztiz, Baionako hirigunean sartzeko zailtasun handiak nabariak dira, Kanbo/Uztaritze sektoretik heldu autoen joan etorriak direla eta. Denak ados gara, eguneroko auto galkadura horien aterabidea garraio publikoen eskaintzaren garapenean datzala onartzeko, Errobi ibarra eta hirigunearen erdialdearen arteko lotura segurtatuko duena. Gaur egungo testuingurua, bakarkako autoaren erabilpenari egiazko alternatiba ahalbidetzeko dispositibo baten esperimentatzearen aldekoa da.

Uztaritze-Baionako autobidean behin behineko antolamendu baten plantan ezartzea gomendatzen dugu, autobusentzako ibilbide berezia eskaintzeko, Chronoplus sarearekin lotura azkarra bermatzeko. Esperimentazioak, autobusen maiztasuna eskaini beharko du goizeko 7:00-9:00 eta arratseko 17:30-19:30 tarteetan. Horrez gain, esperimentazio denboran zerbitzuaren doakotasuna proposatzen dugu erabiltzaile guztientzat ; erabilpen aldaketa ahal bezain bat laguntzeko eta ondorio adierazgarriak atera ahal izateko. Erran gabe doa sarean ibiltzeko babes neurriak errespetatu beharko direla.

Oinezko bideetan seguritatea bermatzeko balio duen aukera ere bai

Kolektibitate askok deskonfinamendua baliatzen dute oinezkoentzako eremuetan seguritatea bermatzeko behin behineko antolamenduak eginez : eskolen irteerak, oinbideak... Baionan adibidez, Mayou zubiaren ertzean ibiltzeko, ibaian gora, edo Jauregiberri kaian holako antolamenduak burutzea balio luke. Halaber, Marines etorbidean, oinezko eta bizikleta bideak ezberdindu behar lirateke Aturri ibaiaren ertzean.

Konbentzituak gara jasaten dugun pandemia krisiak aukerak eskaintzen dituela, ezinbestekoa den trantsizio ekologikoak eskatzen duen bizimolde aldaketa azaleratzeko. Balia ditzagun !